EU | ES

2024ko azaroaren 23a, larunbata

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko azaroaren 23a, larunbata
2024ko azaroaren 23a, larunbata

Bilbao Zerbitzuak gaueko antzeztutako bisita antolatu du uztailaren 8an Bilboko hilerritik

Jarduera honen bigarren edizioa 21etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du hileta-kultura gizarteari modu berezi eta pedagogikoan hurbiltzeko.

Antzezpenen bitartez Bizkaiko Elkarte Artistikoko aktoreek bizitza emango diete bertan atseden hartzen duten hainbat pertsonaia ospetsuri.

Uztailaren 8an Bilboko hilerria modu berezian irekiko da. Gauez irekiko da, kandelen argitan, antzeztutako bisita gidatu batean. Bertan, laurogei pertsonak hiriaren hileta-historiara hurbiltzeko aukera izango dute, Bilbao Zerbitzuak-ek antolatutako ekimen horren bigarren edizioan. Bisita 21etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.

Esperientziaren helburua hileta-kultura gizartera modu berezian eta pedagogikoan hurbiltzea da. Parte-hartzaileek Bilboko Udal Hilerria zeharkatuko dute, misterioz betetako giroan murgilduz, Hiriaren historia bertako hilerri nagusian lurperatutako pertsonaien bitartez ezagutzeko.

Antzezpenen bitartez Bizkaiko Elkarte Artistikoko aktoreek bizitza emango diete bertan atseden hartzen duten hainbat pertsonaia ospetsuri. Horrela, hainbat pertsonaia ezagunen historia kontatuko da, horien artean, Man uhartean hilezkor bihurtu zen Santiago Herrero Ruiz motoziklismo espainiarraren legenda; Gabriel Aresti Segurola idazle eta poeta bilbotarra; Simón Cabido Gil aktore eta umorista, Doña Croqueta pertsonaiaren interpretazioagatik ezaguna; Casilda Iturrizar, Bilboko kale-izendegian bere izena duten bi kale dituen pertsona bakarra; Rafael Moreno Aranzadi (Pichichi) Athleticeko futbolaria; Recaredo Uhagón Vedia Bide, Kanal eta Portu ingeniaria, Bilboko saneamendu-lanak egin zituena, eta panteoi liluragarriak eta harrizko edo brontzezko estatuak dituzten beste hainbat pertsona famatu.

Gainera, 1902ko apirilaren 27an inauguratu zenetik gaur egun arte Bilboren historia astindu duen gertaera mingarrienetako baten historia ere kontatuko da, 1912an gertatutako Zabalguneko Zirkuko umeen tragedia. Narrazio hori musikaz lagunduta egingo da, ohiko bisita gidatuen eta performance artistikoaren arteko esperientzia hibridoa sortuz.

Gurutze Gorriaren lankidetza

Bisita egiten den bitartean, Bizkaiko Gurutze Gorriaren bi boluntariok eta ibilgailu batek osatutako taldearen laguntza izango da. Talde hori 20:00etatik 23:00etara egongo da bertan, ekitaldira bertaratzen diren pertsona guztien ongizatea bermatzeko eta berehalako arreta behar duen edozein istripuri arreta emateko.

Kontuan hartzekoak

Bilboko Udal Hilerria bisitatzea esperientzia paregabea da, eta zenbait gogoeta garrantzitsu kontuan hartzea eskatzen du. Besteak beste:

Sarrerak izendunak dira eta erreserbaren titularrak adinez nagusia izan behar du. Bisita ez da 12 urtetik beherakoentzat gomendagarria; beraz, 12 eta 18 urte bitarteko adingabe batek joan gura badu, dagokion erantzukizuna bere gain hartuko duen heldu batekin joan beharko du.

Garrantzitsua da kontuan izatea, bisita egingo den lursailaren ezaugarriak direla-eta, ibilbideak irisgarritasunari dagozkion zenbait zailtasun izan ditzakeela, eta, beraz, pertsona guztiak ezin izango direla bertara joan. Gainera, hori dela eta, lurraren baldintzetara egokitzen diren oinetako erosoak eramatea gomendatzen da.

Jarduerara joan ahal izateko, Bilbao Zerbitzuaken webgunearen bitartez egindako erreserbaren baieztapena aurkeztu beharko da, eta hori barik ezingo da sartu.

Jarraitzeko, alferrikako atzerapenak saihesteko, Santimami auzoa 4, Zamudio/Derio helbidean dagoen Bilboko hilerriko ate nagusira gutxienez 15 minutuko aurrerapenarekin iristea komeni da. Hilerriko ate nagusia itxi egingo da 20:45etik aurrera eta itxita jarraituko du bisita amaitu arte.

Segurtasun- eta errespetu-arrazoiengatik, jarrera egokia izan beharko da ibilbidean zehar, eta erabat debekatuta egongo da hilobietara igotzea edo horietan esertzea, bai eta bisitak irauten duen bitartean erretzea ere.

Argazkiei dagokienez, bisitaldian irudiak, bideoak edo audio-grabazioak hartu ahal izango dira, betiere beste batzuen esperientzia edo ekitaldiaren garapen egokia kaltetzen ez badute. Aitzitik, debekatuta dago partikularren hilobiei argazkiak ateratzea aldez aurreko baimenik gabe.

Esperientzia horretan parte hartu gura dutenek Bilbao Zerbitzuak-en webgunearen bitartez erreserbatu beharko dute plaza. Plaza guztiak agortuta daudenez, itxaron-zerrenda batean izena eman daiteke dagoeneko sarrera duten pertsonek ekitaldira ezin direla joan ohartarazten badute.

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019