EU | ES

2024ko azaroaren 14a, osteguna

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko azaroaren 14a, osteguna
2024ko azaroaren 14a, osteguna

Bilboko alkateak eta ONCEren ordezkariek Erriberako Merkatuaren 90.urteurrenari eskainitako kupoi berezia aurkeztu dute

Juan Mari Aburtok, Juan Carlos Anduezak eta Miguel Moradok ONCEren kupoi berezia aurkeztu dute, Erriberako Merkatuaren 90. urteurrena dela eta.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Juan Carlos Andueza ONCEren Euskadiko Lurralde Ordezkariarekin eta Miguel Morado ONCEren Euskadi eta Kantabriako Joku-Buruarekin batera, ONCEk zapatu honetan, abuztuak 24, Erriberako Merkatuaren 90.urteurrenari eskainiko dion kupoi berezia aurkezteko ekitaldian parte hartu du gaur goizean Udaletxeko Arabiar Aretoan.

Bost milioi eta erdi aleko zabalkundea duela, ONCEren zapatu honetako kupoiak Erriberako Merkatua du ikusgai Bilboko Itsasadarraren gainean eta San Antongo eliza eta zubia atzean dituela. Juan Mari Aburto Alkateak esan duenez, “ez da hau ONCEk kupoia Bilbori eskaini dion lehenengo aldia, izan ere, azken bi hamarkadak errepasatuz gero, gure hiriaren sinbolo nagusiak ONCEren kupoiaren irudian agertu dira hainbat aldiz; hala nola, Athletic Club taldea, San Tomasetako Azoka, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Museoa, Abandoko Geltokia, Udaletxea bera edo On Migel Unamuno, haren jaiotzaren 150. urteurrenean”.

ONCEri Bilborekin eta bilbotarrekin betidanik erakutsi duen atxikimendua eskertu ondoren, Alkateak zorterik onena opa die zapatuko kupoia erosten duten guztiei eta “saria Bilbon geratzea” desiatu du.

90 urteko historia itsasadarraren ondoan

Erriberako Merkatua 1929ko abuztuaren 22an inauguratu zen, Pedro Ispizua arkitektoak egindako proiektu arrazionalistari jarraituz. Hormigoi armatuzko eraikina zen; garairako oso modernoa, funtzionala eta monumentalista. 1971an, Mercabilbaoren inaugurazioaren eraginez, Erriberako Merkatuak jardueraren zati handi bat galdu zuen, Zazpi Kaleetako nahiz Bilbo Zaharreko bezeroentzako auzo-merkatu bihurtu zelarik.

Bizkaia hondatu zuten 1983ko uholdeen ondoko berreraiketan eraldaketa sakona egin zitzaion. Erriberako Merkatuak Udal Horniketa Merkatu Osatuenaren Guinness Errekorra lortu zuen 1990an, izan ere, une horretan merkaturik handiena zen saltzaile eta postu kopuruari dagokionez, baita Europako merkatu estalirik handiena ere, 10.000 metroko koadroko azalerari esker.

2008an merkatuaren egituraz egindako azterlanaren harira, sakoneko eraberritze integrala bideratu eta esparruak eta ekipamenduak modernizatu ziren, itsasadarraren gaineko zirga-bidea berreskuratuz. 2012an, hiru urteko lanen ondoren, Emilio Puertas arkitektoak izenpetutako proiektua osatu eta Bilboko egungo Erriberako Merkatua inauguratu zen.

Kupoi berezia

ONCEk 3.400 afiliatu eta 540 saltzaile inguru ditu Euskadin, eta aurten 22 milioi euro banatu ditu dagoeneko, inoizko markarik handiena 2018an lortu zuelarik, 37 milioi eurorekin.

ONCEk zapatuan, hilak 24, Erriberako Merkatuaren 90. Urteurrenari eskainiko dion kupoiak bost milioi eta erdi aletako zabalkundea izango du, eta asteburuko kupoia izanik, sari bereziak banatuko ditu. ONCEren produktuak Salmenta Terminaletan, www.juegosonce.es webgune ofizialean eta baimendutako establezimenduetan eskura daitezke.

Hauexek dira ONCEk Bilbori azken bi hamarkadetan eskainitako kupoi aipagarri batzuk: Athletic Cluben mendeurrena (1998ko azaroak 16-19); Guggenheim Museoaren hamargarren urteurrena (2007ko urriak 21); Euskalduna Jauregia (2007ko ekainak 8); San Tomasetako Azoka (2009ko abenduak 27); Bilbo, Kirolaren Europako Hiria (2012ko ekainak 3); Bilbo World Cities Summiten egoitza (2013ko ekainak 9); Migel Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena (2014ko irailak 29); Loiuko Aireportua (2015ko urriak 27); Udala egungo eraikinera aldatu izanaren 125. urteurrena (2017ko apirilak 18); Bilbo, Ekonomia Sozialaren Foro Globalaren egoitza (2018ko urriak 3) eta Abandoko Geltokiko erlojua (2019ko ekainak 27).

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019