EU | ES

2024ko apirilaren 15a, astelehena

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko apirilaren 15a, astelehena
2024ko apirilaren 15a, astelehena

Bilbok 2023ko Mugikortasunaren Europar Astea sustatzen du, "Efizientzia energetikoa" ardatz hartuta eta arreta garraio jasangarrian eta mugikortasun aktiboan jarrita

Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak jarduera-egutegi bat diseinatu du sentsibilizazio kolektiboko ekintza berriekin jarraitzeko, enpresen eta gizarte-eragileen eskutik.

MEAren testuinguruan, Europako Batzordeak mugikortasun jasangarria eta garraio publikoa sustatzera eta hiri bizigarriak sortzera animatzen du jendea, energia-eraginkortasuneko tresna diren aldetik.

Bilbok Kale Nagusia Plaza Biribileraino itxiko du irailaren 16an eta 17an, «Kutsatzen ez duten ibilgailu eta teknologien erakusketari» protagonismoa emateko.

Igandean, hilak 17, guneak festa giroa biziko du, adinekoek eta txikiek mugikortasun jasangarriaren inguruko jolasak eta kirol-jarduerak egiteko.

Garraioaren sektorea da energia gehien kontsumitzen duen jarduera, guztiaren % 40, industriaren kontsumoaren (% 24,6) eta etxebizitza-kontsumoaren (% 18) gainetik.

Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak eta Alvaro Pérez Osasun eta Kontsumo zinegotziak Mugikortasunaren Europako Astearen edizio berria (MEA Bilbo 2023) aurkeztu dute gaur Erriberako Merkatuan. Irailaren 16tik 22ra bitartean egiten da urtero, eta aurtengoan «energia-eraginkortasuna» du izenburu. Hori dela-eta, Bilbok Kale Nagusia itxiko du irailaren 16an eta 17an, garraiobide jasangarriak eta mugikortasun aktiboa bultzatzeko: larunbatean, Plaza Biribiletik Mazarredora arte, eta igandean, Moyua plazaraino.

Edizio honen aurkezpenean, eta kolaboratzaileak bertan zirela, Abetek prestatutako ekimenak azaldu ditu. Helburua da, batetik, hiriko garraioa deskarbonizatzeko neurriak bultzatzea, eta, bestetik, jardunbide egokiak sustatzea, neurri jasangarriak hartzea eta hirietako trafikoaren hazkundeari lotutako arazoei irtenbide berriak bilatzea.

Mugikortasunaren Europar Astea Europako Batzordeak bultzatzen du. Helburua, arduradun politikoak nahiz herritarrak sentsibilizatzea, ohar daitezen hirian autoa arrazoizkoa ez den era batean erabiltzea kaltegarria dela, bai osasun publikoarentzat, bai ingurumenarentzat, eta, aldiz, garraiabide jasangarriagoak erabiltzea (hala nola garraio publikoa, bizikleta edota oinez ibiltzea) onuragarria dela. Ia 3.000 herrik eta hirik parte hartzen dute kanpaina honetan. Irailaren 22an amaituko da, «Nire autoa gabeko eguna» ospakizunarekin.

2023ko MEAren leloa: energia-efizientzia.

Giza jarduera guztien artean, garraioa da energia gehien kontsumitzen duena, ia % 40 (industriak baino gehiago, % 24,6). Garraioak CO2ren emisio baliokideen % 23 isurtzen du atmosferara; horrela, atmosferaren kutsadura areagotzen du eta klima-aldaketa azkartzen du, Garraioaren Behatokiaren datuen arabera.

Azpimarratu behar dugu auto pribatua garraioaren energia osoaren % 15 dela. Horregatik, Europako Batzordeak ohartarazten du sarritan ez dela behar bezala baloratzen ibilgailu pribatu bat edukitzearen urteko kostua: kalkulatzen du urteko gastua 4.500 eurokoa dela, “bakar-bakarrik energia-gastuetan”.

Horrenbestez, Europako Batzordeak edizio honetan aukeratutako leloak –“energia-efizientzia”– 2050erako karbono-isurien neutraltasuna lortzeko helburu handia iragartzen du, Europako Itun Berdean jasotakoa. Energia-kontsumoa murriztea bat dator Mugikortasunaren Europako Astearen helburu orokorrekin. Kontsumoa murrizteko, bada, hainbat ohitura sustatu nahi dira: mugikortasun jasangarria, garraio publikoa erabiltzea (batez ere energia-iturri garbiekin funtzionatzen badute), jendea aktibo egotea, joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea, autoz egin beharreko alferrikako joan-etorrien kopurua murriztea, hiri bizigarriak sortzea, eta ibilgailuen abiadura murriztea, horrek erregaiaren faktura murrizten baitu (60 euroraino urtean).

Batzordearen arabera, energia-kontsumoa murrizteko ekintza kolektiboak jada eragin positiboa izan du azken hilabeteetan erregaien erreserbetan eta prezioetan, baina uste du oraindik asko dagoela egiteko, eta, beraz, mugikortasun-ohiturek ekimen kolektibo horiei laguntzen dietela bermatzeko hainbat bide aztertzea gomendatzen du.

Mugikortasun jasangarriko ekintza berriak Bilbon

2023ko MEAn zehar, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak ekintza berrien sorta bat aurkeztuko du mugikortasun jasangarriaren helburuak lortzeko eta sentsibilizazio kolektiboarekin jarraitzeko, enpresen eta gizarte-eragileen eskutik.

Neurri horien artean, Bilbobusen 35. urteurrenarekin bat etorriz, entitate horren kotxe-tokien ateak irekiko dira MEDUSA energia aurrezteko proiektu aitzindaria ezagutzera emateko. Proiektu horrek metroaren gaueko energia elektrikoa autobus-flotari bideratzen dio, autobusek energia garbiarekin funtziona dezaten.

Era berean, MEA 2023ren testuinguruan, jakitera emango dira Maurice Ravel etorbideko bidegorri berriaren proiektua eta urrian abian jarriko den TAO berriaren informazio-kanpaina. Metrominuto Bilbao ekimena ere aurkeztuko da: horren bidez, hirian zehar 5 km/h-ko batez besteko abiaduran ibiltzeko joan-etorrien distantziak eta denbora kalkulatzeko plan bat eskaintzen da.

Sentsibilizazioaren arloan, sailak «Adineko pertsona aktibo eta seguruak» izeneko hitzaldia antolatu du adineko pertsonekin Otxarkoagako auzo-etxean. Esther Martí DGTko Bizkaiko Trafikoko zuzendariak emango du. Egun horretan bertan, astelehenean, hilak 18, mahai-inguru bat antolatu da: «Bilbon emisio gutxiko eremua ezartzearen onurak». Hainbat alor eta hiritako adituk parte hartuko dute, eta Bizkaiko hiriburuan neurri hori ezartzeari buruz eztabaidatuko dute. Jardunaldia amaitzeko, «Auto elektrikoari buruzko mitoak eraisten» hitzaldia emango da, mugikortasun elektrikoaren oraina eta etorkizuna aztertzeko.

Mugikortasun astearen aurkezpenean, Nora Abetek babesleei eta laguntzaileei eskerrak eman dizkie, Bilboko MEAko jarduerei egindako ekarpen baliotsuagatik. Era berean, herritarrak animatu ditu antolatu diren jolas eta kirol-jarduera guztiez gozatzera, besteak beste: itsasontzi eletrikoan paseoak dohainik egitea itsasadarrean barrena, «El Azulito» mikrobusean ibiltzea, Kale Nagusian auto elektrikoen probak egitea, eta umeentzat eta adinekoentzat aurreikusitako gainerako ekintzetan parte hartzea.

2023KO BILBO MEA-REN agenda

MEAren Bilboko 2023ko edizio honetan, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak aurreikusitako jarduerak berriz ere www.bilbaosinmicoche.net webgunean jasoko dira, aste honetan egin direnak bezalaxe, zeintzuetan mugikortasun jasangarri eta ekologikoa eta mugikortasun aktiboa protagonista izan baitira.

  • Larunbata, irailak 16: Ibilgailu ekologiko eta jasangarrien erakusketa Kale Nagusian (Plaza Biribilaren eta Mazarredoren artean).

    • KUTSAGARRIAK EZ DIREN ibilgailu eta teknologien erakusketa handia Kale Nagusian (Mazarredoren eta Plaza Biribilaren artean): ibilgailu pertsonalak, hidrogenoz dabilen autobusa, autobus elektrikoa, zama-lanak eta banaketa egiteko ibilgailuak, bizikleta eta motor elektrikoak.
    • Karabana isila. TESLA Owners kluba. TESLA Bilbao Week.
    • Paseoak itsasadarrean zehar, itsasontzi elektrikoetan.
  • Igandea, irailak 17: Aisiarako eta kirolerako gune irekia Kale Nagusian (Plaza Biribilaren eta Moyua plazaren artean).
    • Photocalla Artxandako Funikularrean.
    • KUTSAGARRIAK EZ DIREN ibilgailu eta teknologien erakusketa handia Kale Nagusian (Mazarredoren eta Plaza Biribilaren artean): ibilgailu pertsonalak, hidrogenoz dabilen autobusa, autobus elektrikoa, zama-lanak eta banaketa egiteko ibilgailuak, bizikletak eta motorrak.
    • Nordik Walking ibilaldia makilekin. Ibilbidea: Bilbo-Artxanda-Bilbo.
    • Txirrindulari federatuen arteko 23 urtetik beherako txirrindularitza birtuala, Laboral Kutxarekin eta Euskadi Fundazioarekin.
    • Giza futbolin bi, Athletic Fundazioarekin.
    • Zatoz Bilbao Basketekin baloia saskiratzera.
    • Zeure bizikletarekin trebetasuna erakusteko jokoak. Erakutsi zeure gaitasuna.
    • Ginkana familiarekin eta lagunekin. Hurbildu zeure bizikletaz, Bizieskolarekin (6-14 urte).
    • Erabilitako bizikletak saltzeko eta erosteko azoka.
    • Bide-hezkuntzari buruzko ikastaroa, bizikletei, patinei eta patineteei buruzkoa.
    • Bizikleten azterketa, azkar eta dohainik.
    • Bilbobus espazioa. Autobus elektrikoa; ebakigarriak banatuko dira.
    • Doako paseoak El Azuliton.
    • Bizkaibizi elektrikoa eta umeentzako jolasak.
    • Doako paseoak itsasontzi elektrikoetan, itsasadarrean zehar.
  • Astelehena, irailak 18:

    • Mahai-ingurua: Bilbon emisio gutxiko eremua ezartzearen onurak. Ibaiondo udaltegia – La Bolsa eraikina (9etan).
    • Hitzaldia: “Adineko pertsona aktibo eta seguruak”. Otxarkoagako udaltegia (12etan).
    • Hitzaldia: «Auto elektrikoari buruzko mitoak eraisten». Ibaiondo udaltegia – La Bolsa eraikina (18etan).
  • Asteartea, irailak 19:

    • MEDUSA proiektuko obren eta instalazioen aurkezpena (metroaren gaueko energia Bilbobusen autobus elektrikoetara transferitzea).
    • Asteazkena, irailak 20:
    • METROMINUTO planaren aurkezpena. Mapa honek oinez ibiltzea sustatzeko hiriko puntu nagusiak jasotzen ditu, “Oinez dabiltzan hiriak” ekimenarekin.
    • Paseoa itsasontzi elektrikoan. Irteera, 12etan, Vincci ontziralekutik (Zirgariak eskulturaren ondoan), Uribitarte pasealekuan. Ordubete inguru iraungo du.
  • Osteguna, irailak 21:

    • Bilboko TAO berriaren aurkezpena.
  • Ostirala, irailak 22: Nire autoa gabeko eguna.

    • Prentsaurrekoa. Bidegorri berrien aurkezpena (Maurice Ravel). Arabiar Aretoan, 11etan.
    • “2023ko Ibiltariaren Saria” Jon Aldaiturriaga Zazpi Kaleetako merkatarien elkarteko gerente ohiari emango diote. Arabiar Aretoan (11etan).

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019