EU | ES

2024ko azaroaren 21a, osteguna

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko azaroaren 21a, osteguna
2024ko azaroaren 21a, osteguna

Bilboko erlijioen mahaiak partzela berri bat sustatu du musulmanen komunitatearentzat Bilboko udal hilerrian

Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotzia, Osasun eta Kontsumoko zinegotzia, eta konfesio erlijiosoetako ordezkariak hilerrira joan dira, bertatik bertara ikusteko egindako aldaketen ondorioz “musulmanak euren sinesmenen arabera lurperatu daitezkeela”.

Partzela berriak 2.160 ehorzketa egiteko tokia dauka.

Erlijioen Mahaia aldian behin biltzen da, gogoeta egiteko eta kontzientzia eta erlijio askatasuna baliatzearen aldeko ekintzak gauzatzeko.

Azken hilabeteetan, Bilboko Erlijioen Mahaiak –udal ordezkarien eta uriko konfesio erlijioso aktiboen ordezkarien elkarrizketa-foroak– zeremonietan eta lurperatzeetan konfesio erlijiosoek dituzten beharrak aztertu dituzte. Gogoeta horri esker, eta Bilbao Zerbitzuak elkartearen lankidetzarekin, Bilboko Udal Hilerriak pertsona musulmanak lurperatzeko partzela berria dauka.

Gaur goizean, Kontxi Claver Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak, Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak eta erlijioen ordezkariek bisita egin dute hilerrian, egiaztatzeko egin diren aldaketek bermatzen dutela “pertsona musulmanak euren sinesmenen arabera lurperatu daitezkeela”.

Jarduera hori Bilbo Kultur arteko Hiri bihurtzeko Udalak duen helburuan kokatzen da: “erlijioak eta haien ordezkariak funtsezko gizarte-eragileak dira. Herritar aktibo eta parte-hartzaileen adierazpen antolatu bat dira. Bilboko Udalak haiekin lan egiten eta hiri gero eta irekiago eta inklusiboago baten eraikuntzan aurrera egiten jarraitu gura du”, esan du Kontxi Claverrek bisitaldian.

Ildo horretan, Álvaro Pérezek esan duenez, “Bilboko Hilerrian zenbait hileta mota antolatzen dira, ezberdintasun etiko, kultural eta erlijiosoak eta familien nahia kontuan izanik, errespetua eta duintasuna bermatuz. Gure kultura nortasun eta sinesmen askoren arragoa da, eta diskriminaziorik gabe adierazteko aukera egon behar da”.

Partzela berria, 2.160 pertsonarentzako lekuarekin

Bilboko Udal Hilerriak, 2008tik, musulmanak lurperatzeko egokitutako partzela bat dauka, 80 ehorzketarako lekuarekin. Gaur egun, 49 pertsona daude lurperatuta. Beraz, edukiera datozen urteetarako aurreikuspenen araberakoa zen. Horren aurrean, Bilboko Erlijioen Mahaiak elkarrizketa eta kolaborazio prozesu bat abiatu zuen Bilboko komunitate musulmanarekin, beharrezko aldaketa guztiak planeatzeko. Horren ondorioz, usadio musulmanaren araberako ehorzketa-protokolo berri bat sortu da, eta partzela berri bat sortu da horretarako.

Partzela estreinatu berriak 2.160 ehorzketa hartzeko lekua dauka. Horrek bermatzen du musulmanen eskaerei erantzun ahalko zaiela, epe luzean espazio-arazorik eduki gabe. Horregatik, komenigarria da aukera ematea ez bakarrik Bilboko musulmanak lurperatzeko, baizik eta Bizkai osokoak.

Bilboko komunitate musulmana

Bilboko Erlijioen Mahaiak bultzatu duen neurri hau bat dator uriaren biztanleriaren osaeraren aldaketarekin, azken urteetan musulmanen kopurua gehitu baita.

Migrazio-prozesuen ondorioz, musulmanak gehiengoa diren herrialdeetatik datozen bilbotar ugari daude, kasurako Marokokoak (5.140 pertsona, atzerritarren % 9,1) edo Senegalgoak (988 pertsona, % 1,8). Modu berean, kontuan izan behar ditugu bertokoak edo beste herrialde batzuetakoak diren eta fede hori duten pertsonak; denen artean Bilboko komunitate musulmana osatzen dute.

Errealitate horren kudeaketak eta Bilboko gizarteak jasan dituen aldaketa demografiko, soziologiko eta kulturalek, besteak beste, premia berriak dakartzate hileta-zerbitzuen eta hilerrien eremuan, hildakoei, haien senideei eta gertukoei duintasunez arreta emateko eta heriotzaren aurrean dituzten azken borondateak errespetatuko dituen erantzuna emateko, euren uste erlijioso, espiritual eta humanisten arabera. Izan ere, hala agintzen du ideologia-, erlijio- eta kultu-askatasunerako funtsezko eskubidea bermatzen duen araudiak.

Horrexegatik, ekarpenak egiteko bide bat sortu da eta solaskidetza bat ireki da, komunitate erlijioso guztiek euren zehaztasunak aurkez ditzaten udalak komunitate guziei euren tokia eskaintzeko hartutako konpromisoaren aurrean, betiere tratu berdintasunaren eta ezberdintasunaren errespetuaren printzipioen barruan”, esan du Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak.

Bilboko erlijioen mahaia

Bilboko Erlijioen Mahaia aldian behin biltzen da. Gogoeta egiteko eta ekintzak garatzeko gune bat da, kontzientzia- eta erlijio-askatasuna gauzatzen laguntzeko, herritarren aniztasunean oinarritutako bizikidetzan eta giza eskubideen defentsan oinarritutako testuinguru batean, akonfesionaltasuna ezaugarri duena.

Bilbo Kulturarteko Uria 2021-2023 III. Udal Planean ezarritako neurrietako bat da. Neurri horien bidez, jatorri etniko, kultural, linguistiko edo erlijiosoaren aniztasunaren kudeaketa positiboa lortu nahi da, uriaren kohesio soziala eta kulturen arteko bizikidetza bultzatzeko.

Foro horri esker, Udalak erlijio-aniztasuna kudeatzeko politikak egikaritzen ditu, Bilboko gizarte- eta erlijio-errealitatea ezagutuz, alde batetik, eta haiei ezagutza agertuz, bestetik; alegia, Administrazio Publikoaren eta erlijio-entitate eta -sentsibilitate batzuen eta besteen arteko harremana bideratzen du horrela.

Bilboko Erlijioen Mahaian hainbat fede daude ordezkatuta: Eliza Katolikoa, Euskadiko Kontseilu Ebanjelikoa, Filadelfiako Eliza Ebanjelikoa, Espainiako Eliza Ebanjelikoa, Eliza Adbentista, Azken Egunetako Santuen Jesukristo eliza, Assalam meskita, Bader meskita, Al Forkan meskita, Errekaldeko meskita, Mourideen Kofradia, Bahá’i komunitatea, Komunitate Hinduista eta Komunitate Budista. Gainera, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Pedro Arrupe Institutuak eta Ellacuria Fundazioak Mahaiaren Idazkaritza Teknikoa osatzen dute.

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019