EU | ES

2024ko azaroaren 21a, osteguna

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko azaroaren 21a, osteguna
2024ko azaroaren 21a, osteguna

Bilboko udal hilerriak prest daude Santu Guztien egunerako

  • Aurten, berrikuntza gisa, Bilbokoak dolu perinataleko gune bat izango du, oroitzapenerako topaleku pertsonalizatua eta intimoa, haurdunaldian, erditzean edo erditze ondoren alaba edo semea galdu duten familia guztientzat.
  • Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen bada ere, Bilboko Udaltzaingoaren eta Gurutze Gorriaren laguntza izango da eta Covidaren aurkako neurri guztiak beteko dira.
  • Urriaren 30ean eta 31n, eta azaroaren 1ean bulegoetako aurrez aurreko arreta indartu egingo da.
  • Aurten kontzertu liriko klasikoa berreskuratuko da; librea izango da edukiera bete arte, eta aurten Telebilbao tokiko telebista-katetik eta Bilbao Zerbitzuak-en youtubeko kanalaren bidez emango da zuzenean.

Datorren azaroaren 1ean Domu Santu Eguna da, eta hori giroan nabaritzen da. Iaz, inguru guztietan zegoen birusak eta horri eusteko neurriek eragotzi egin zuten bilbotar askok euren hildakoei bisita egitea, bizi ziren herriko hilerrietara soilik joan zitezkeelako. Baina 2021. urte honetan, pertsona maitatuenen panteoiak, nitxoak edo hilobiak berriro txukundu ahal izango dituzte, Bilboko eta Deustuko hilerriak berriro irekita egongo direlako joan nahi duten guztientzat. Aurten, berrikuntza gisa, Bilboko hilerriak dolu perinataleko gune bat izango du, oroitzapenerako topaleku pertsonalizatua eta intimoa, haurdunaldian, erditzean edo erditze ondoren alaba edo semea galdu duten familia guztientzat.

Ordutegiei dagokienez, Bilbokoa 8etatik 18etara egongo da zabalik, eta Deustukoa, berriz, 8etatik 15etara, azaroaren 1ean izan ezik, egun horretan 8etatik 18etara egongo baita herritarrentzat irekita.

Dolu Perinatalerako gune berria

Ama edo aita izatearen ametsa, askorentzat, hastera zihoan unean bertan amaitzen da. Haurdunaldian edo jaiotzeko unean seme edo alaba bat galtzea oso egoera traumatikoa eta mingarria da, eta dolu perinatalak ikusezin izaten jarraitzen du gizartean. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak isiltasun hori apurtu gura izan du, Bilboko udal-hilerrian intimitate- eta oroitzapen-espazio pertsonalizatu bat ezarriz, haurdunaldian, erditzean edo erditu ostean seme-alaba galdu duten familia guztientzat. Gunearen aurkezpen ofiziala laster egingo da. Dolu Perinatalari Laguntzeko Euskadiko Taldearen lankidetzarekin eta parte-hartzearekin, irekiera sinbolikoa azaroaren 1ean izango da.

Espazio horren bidez, familia horiei arreta emateko dagoen hutsunea bete, haien galerak ikusarazi, eta gurasoei doluan lagundu gura da. Memoriala irekia eta konnotazio erlijiosorik gabea da, 63. etxaldean dago, Mungiako errepideko atetik Hilerrira sartzeko sarbidearen ondoan, eta 30 metro karratuko azalera du intimitatean egoteko.

Covid-aren aurkako neurriak eta langile gehiago

Zalantza barik, udal-hilerrien kudeaketaren urteko egunik garrantzitsuenetako bat da. Hori dela eta, Bilbao Zerbitzuak-ek ekintza-plan berri bat jarri du martxan, hilerriak duintzeko eta haien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta, aldi berean, pertsonen bertaratze masiboaren ondorioz gura ez den kutsadura-gune bihur ez daitezen. Ildo horretan, gogorarazten da musukoa erabili behar dela pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasunezko distantzia gordetzea ezinezkoa den egoeretan.

Modu berean, hilerriko sarrera nagusian gel hidroalkoholikoa hornitzeko lau puntu jarriko dira bisitarien eskura, beste bi kaperarako sarbidean eta beste bi Derioko Mungialde Etorbidea kaleko sarreran, eta, horrez gain, gel hidroalkoholikoa banatzeko ohiko guneek eskuragarri jarraituko dute, errausketa-laberako sarbideetan eta Bilbao Zerbitzuak-en bulegoetan.

Bulegoetako aurrez aurreko arreta ere indartu egingo da urriaren 30ean eta 31n, eta azaroaren 1ean pertsona bat gehiagorekin. Ondorioz, jende aurreko ordutegia goizeko 8:30etik arratsaldeko 17etara luzatuko da.

Udaltzaingoaren eta Gurutze Gorriaren laguntza

Bilboko Udalak garraio publikoan joateko eskatu arren, euren ibilgailuan doazen pertsonek hilerrira sartzeko izango duten aukera bakarra sarrera nagusia izango da, Txorierriko BI 737-Erandio/Larrabetzu errepidetik, hain zuzen ere. Ibilgailuek horretarako erreserbatutako eta egokitutako guneetan aparkatu beharko dute. Urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean, Bilboko Udaltzaingoak etengabeko zerbitzu berezia emango du sarbideetako trafikoa antolatzeko eta segurtasuna bermatzeko. Hiru egun horietan, Bilbao Zerbitzuak-ek Gurutze Gorriko boluntarioen eta anbulantziaren laguntza ere izango du, bisitariek izan dezaketen edozein istripu edo kalte fisikoren aurrean osasun-estaldura egokia emateko.

Kontzertu lirikoa

Aurten Bilboko Udalak kontzertu liriko klasikoa berreskuratuko du. Emanaldia azaroaren 1ean izango da, Bilboko Udal hilerriko kaperan, 13etan. Domu Santu Eguneko ohiko Meza 12etan izango da eta Bilboko gotzainak emango du.

Kontzertu lirikoak bere laugarren edizioa beteko du, aurten “Bilbao Bel Canto“ musika taldearen eskutik. Hauek osatzen dute: Patricia Sesar sopranoak, Martin Barcelona tenoreak, Alfonso Rodriguez biolinak, Miren de Diego biolak eta Iñaki Velasco pianoak. Besteak beste, ibilbide garrantzitsua duten Bilboko musikari horiek Kall Jenkins, Monteverdi, Caccini, Donizetti, Bach, Franck, Sorozabal, Webber, Guridi, Olaizola, Morricone eta Verdiren 14 lan interpretatuko dituzte. Kontzertura joatea librea izango da leku guztiak bete arte. Aurtengo beste berrikuntzetako bat da kontzertua zuzenean emango dela Telebilbao tokiko telebista katearen eta Bilbao Zerbitzuak-en youtube kanalaren bidez.

Domu Santu Egunerako programatutako ekitaldiek Sarria-Funetxea eta Grupo Albia enpresen laguntza dute.

Gogobeteze-inkestak

Iristen direnean, bisitariek inkesta bat jasoko dute, orain arte egindako hobekuntzak eta jasotako zerbitzuak baloratzeko. Zerbitzuak, horretarako kontratatutako pertsonen laguntza izango du, eta 10etatik 13etara bitartean emango dituzte inkestak eta horien edukia azalduko dute.

Hobekuntzak

Bilbao Zerbitzuak-ek hainbat hobekuntza egin ditu aurten kanposantuko zerbitzu eta instalazioetan. Dolu perinatalerako gune bat sortu da, oroimen-iturri bat eraiki da Covid-19ko osasun-krisian lurperatutako 961 pertsonak omentzeko eta gogoratzeko, Bilboko hilerriko harrizko horma perimetrala zaharberritu eta finkatu da, adineko pertsonentzako bi aulki elektriko erosi dira, eta, laster, eguzki-plakak jarriko dira hamar bat eraikinen estalkien gainean eta kanposantuko langileen aldagelako bi isurkiko teilatuaren gainean. Ohiko pintura-, garbiketa- eta lorezaintza-lanak egiteaz gain, jarraipena eman zaio iaz hasitako hilerriaren paisaia-eraldaketa prozesuari./p>

Prentsaurrekoa

Aurkezpena

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019