EU | ES

2024ko apirilaren 18a, osteguna

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko apirilaren 18a, osteguna
2024ko apirilaren 18a, osteguna

Bilboko Udalak, ESHBI-k eta Gurutze Gorriak elikadura osasungarriari buruzko tailerrak jarri dituzte abian, osasun-desberdintasun egoeran dauden pertsonentzako

    • Osasun eta Kontsumo Saileko programa egoera zaurgarrian dauden kolektiboei zuzenduta dago, Erriberako Merkatuko Sukaldaritza Eskolan ikasteko puntu bat aurkituko dutenak.
    • Gizarte-bazterketako egoera larrian egonik Gurutze Gorriaren elikadura-bonua jasotzen duten pertsonak hilean bi aldiz joango dira antolatutako tailerretara.
    • Bilbao Zerbitzuak elkarteak adierazi du herriko hornidura-merkatu nagusia elementu eragile bihurtu dela, eta urtean zehar ekitaldi publiko eta pribatu ugari hartu dituela.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak Elikadura Osasungarriko Tailerren programaren edizio berri bat jarri du abian. Tailer horiek osasun-desberdintasuneko egoeran dauden pertsonei zuzenduta daude, eta ikasteko gune ezin hobea izango dute Erriberako Merkatuko Sukaldaritza Eskolan. Ziklo berri horretan, Bizkaiko Gurutze Gorriko erabiltzaileek, egoera ahulean daudenek, eta beste kolektibo onuradun batzuek parte hartuko dute, bai eta Osasun eta Kontsumo Saileko eta Bilboko Ostalaritzako Goi Eskolako (ESHBI) profesionalek ere, azken hauek klaseak ematen. Gurutze Gorriarekin martxoaren 7an eta 21ean, apirilaren 13an eta 18an, maiatzaren 4an eta 16an eta ekainaren 6an eta 15ean egingo dira tailerrak.  

Yolanda Díez alkateorde eta Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak, Joseba Lozano ESHBIko zuzendariarekin eta Guillermo Vázquez Bizkaiko Gurutze Gorriaren koordinatzailearekin batera, programaren xehetasun guztiak aurkeztu ditu gaur goizean prentsaurrekoan.  

Elikadura Osasungarriari buruzko Tailerren udal-programaren barruan tailer teorikoak eta praktikoak ematen dira, dohainik, osasun-arloko desberdintasun-egoeran dauden pertsonen elikadura egokitzeko helburuarekin, Bilboko udal-merkatuek eskaintzen duten hurbileko produktua baliatuz. Osasun-arloko desberdintasunak dituzten pertsona heldu zaurgarriei zuzenduta daude tailerrak. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko langile espezializatuek prestakuntza teorikoa San Frantziskoko Udaltegian emango dute, eta praktikak, berriz, Erriberako Merkatuko Sukaldaritza Eskolan egingo dira, ESHBIko profesionalen eskutik.

Osasuna sustatzea auzotik, ekintza-unitate gisa

Elikadura Osasungarriko Tailerrak diseinatzeko, aldez aurreko lana egin zen zonako Tokiko Osasun Sarearekin edo, bestela, prozesuan inplikatutako erakundeekin, elikadura osasungarria sustatzeko kolektibo hartzaileak eta edukiak definitzeko. Prozesu hori osasuna sustatzeko sortu zen, auzoa ekintza-unitate gisa erabiliz betiere.

Yolanda Díez alkateorde eta Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak programa egoki bezain beharrezko honen garrantzia nabarmendu du, funtsezko hiru alderdiri balioa emanez: “helburuak, gure esku dago osasuna ehuntzea, eta, batez ere, arlo horretan desberdintasun-egoera bizi dutenentzat; lankidetza, oraingo honetan, Gurutze Gorria eta ESHBI bezalako erakunde garrantzitsuena, ekimen honetan laguntzen baitute eta baldintzarik gabeko babesa eskertzen diet bene-benetan; eta, nola ez, Bilbao Zerbitzuak-i gure udal-merkatu guztien buruan baitago. Harro nago ikustean herriko hornidura-merkatu nagusia elementu eragile bihurtu dela, eta urtean zehar ekitaldi publiko eta pribatu ugari hartu dituela”.

Gurutze Gorria, elikadura kontzientearen eta jasangarriaren alde

Gurutze Gorriak konpromiso irmoa dauka elikadurarekin, eta hura gizarte osoarentzat modu osasungarrian sustatzea du helburu. Horretarako, erakundeak garrantzi handia ematen dio osasunari eta jasangarritasunari buruzko ezagutza transmititzeari, jateko orduan jarrera kontzienteagoak izan daitezen. “Horren adibide argi dira Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak bultzatutako tailer horiek, tresnak eskaintzen dizkietenak egoera ahulean dauden gure erabiltzaileei janaria prestatzeko eta kontsumitzeko modu berriak ezagut ditzaten”. Halaxe adierazi du Guillermo Vázquezek, Bizkaiko Gurutze Gorriaren koordinatzaileak.

ESHBI-k etxera eramateko ezagutza partekatuko du

ESHBI enpresa eta unibertsitate garrantzitsuekin aritu da elkarlanean bere ibilbide luzean, eta Elikadura Osasungarriko Tailerrak mugarri gisa nabarmendu ditu. Ikastaro horiek premia bereziak dituzten edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonentzako izango dira, eta 2023an emango dira berriz ere, talde bakoitzaren beharretara egokitutako programa espezifikoago batekin. Tailer horietan, tresnak eskainiko dira, saioak amaitzean, bertaratuek elikadura osasungarriko ohiturak eta nozioak izaten lagunduko dizkieten ezagutzak barneratu ditzaten.

Hala ere, ez da hori bere egiteko bakarra. 2022an, ESHBIk 120 sukaldaritza-ikastaro eskaini zituen, hainbat gairi buruzkoak, egun bat eta lau egun arteko iraupenekoak. Guztira 1.440 lagunek eman zuten izena, hau da, plazen % 75 inguru bete zen. Aurten, dinamika berarekin jarraituko du; izan ere, urtez urte antzematen da herritarrek gastronomiarekiko eta elikadura osasungarriarekiko interesa dutela, Joseba Lozano zuzendariak adierazi duen bezala. Erriberako proiektua diseinatu genuenean, amateurrentzat izatea pentsatu genuen, eta erantzuna oso ona izan zen. Bigarren fasean, Osasun eta Kontsumo Sailarekin batera behar gastronomiko bereziak dituztenentzat diseinatutako ikastaroak ematen hasi ginenean, are gogobetegarriagoa izan zen. Gelan, prestakuntza-zirkulua itxi dugu, eta eredu praktikora pasako gara, hau da, Osasun eta Kontsumo Saileko eskola teorikoetan jasotakoa praktikan jartzera. Ikastaro horietara joaten diren pertsonek autonomia gastronomiko pixka bat handiagoa izango dute euren eguneroko bizitzan”.

Bilbao Zerbitzuak, Osasun Arloan aliatua udal merkatuetatik abiatuta

Bilbao Zerbitzuak-ek lankidetzan jarraituko du 2023an ere, sukaldaritza-ikastaroetarako eta Elikadura Osasungarriko Tailerretarako beharrezkoak diren osagaiak emanez, eta Bilboko udal-merkatuetako saltokietan eskaintzen dituzten tokiko produktuak eta kalitate handikoak parte-hartzaile guztien eskura jarriz.

Bilbao Zerbitzuak Osasun eta Kontsumo Sailaren Ibiltarien Sarearekin elkarlanean aritu gara, udal-merkatuetara hiru bisita programatuz, jarduera fisikoan elikadura osasungarria sartzearen garrantzia azpimarratzeko, bizimodu osasuntsua izateko ez ezik, ekonomia zirkularra eta hurbileko produktuen kontsumoa bultzatzeko ere bai.

2022an, Bilbao Zerbitzuak erakundeak, Elikadura Osasungarriko Tailerretan eta Ibiltarien Sarean laguntzeaz gain, instalazioetan aldaketak egin zituen; adibidez, Erriberako merkatuan instalatutako hotz industrialeko sistema aldatu zuen. Hobekuntza horren ondorioz, ingurumen-kostuetan nabarmen aurreztu da, aurreko sistemak sortzen zituen berotegi-efektuko gas fluoratuen isurketak saihestu baitira. Ez da ahaztu behar energia elektrikoaren erabilera; izan ere, hain kontsumo handia duenez, eguzki-instalazio fotovoltaikoa abian jarri izanak eta lurpeko aparkalekuan ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi ekipo bikoitz jarri izanak ingurumen-hobekuntza ekarri du eta eragin handia izan du merkatuaren energia-hobekuntzan.  

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019