EU | ES

2024ko apirilaren 19a, ostirala

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko apirilaren 19a, ostirala
2024ko apirilaren 19a, ostirala

Erriberako merkatua hasi da 324 eguzki-panel ipintzen, eta, haien bidez, egungo argindar-kontsumoaren are %25 ere aurreztu ahal izango da

Eguzki-panelak jarriko diren eraikinak badu babes berezi bat Bilboko Zazpi Kaleetan egoteagatik; bestalde, ekimen honekin, aukera ematen zaie auzotarrei beren erkidegoetan eguzki-energia fotovoltaikozko instalazioen onuradun izateko.

Panel fotovoltaikoak ezarrita, egungo argindar-kontsumoaren % 25 aurreztu ahal izango dela jotzen da, gutxi gorabehera.

Jardun honetarako aurrekontua 184.000 euro (BEZa aparte) izan da, eta Iberdrolak egingo du instalazioa, hiru hilabeteko epean; halaber, merkatariak sartzeko aparkalekuan argindarrez kargatzeko bi puntu ere ipiniko dira.

Bilboko Udala Erriberako udal-azokan eguzki-panel fotovoltaikoak ezartzeko obra egiten ari da, Bilbao Zerbitzuak tokiko enpresa-entitate publikoaren bidez, eta dagoeneko sartu da amaierako fasean, 234 eguzki panel ezarrita eraikinaren 6 estalkitan.

Instalazio horren potentzia nominala 129,6 KWp izango da, eta, gutxi gorabehera, 110.678 KWh argindar ekoitziko du urtean; horrekin, egungo argindar-kontsumoaren %25 inguru aurreztuko dela jotzen da.

Gainera, ekimen jasangarri horrekin, merkatariak sartzeko aparkalekuan argindarrez kargatzeko bi puntu bikoitz ipiniko dira, 22kW-ko potentziakoak, eta, horri esker, azken miliako deritzon garraioa elektrifikatzen lagunduko da.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi-ordezkariak azaldu duenez: «ekintza honekin, lortuko da uriko udal-azoka ospetsuena geroz eta jasangarriagoa izatea, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak eta haren 17 GJHek ezarritako bidetik».

Yolanda Díezek eskerrak agertu dizkie axola handiko esku hartze honetan parte hartu duten entitateei, eta, axola handikoa diogu, Erriberako Azoka delako, eraikin babestu bat; entitate horiek, izan ere, esku hartzearen xehetasunak ezagutzera emateko prentsaurrekoan egon dira. Era horretan, bada, Iván Calderón ere izan da aurkezpenean, Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi ordezkari eta SURBISA sozietateko presidentea, eta halaber Joanes Mendaluniz, PI Berlin, S. L. sozietateak egindako proiektu teknikoaren idazlea, eta David Martínez ere bai, Iberdrolaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari komertziala.

Kultur ondasuna, monumentu multzoaren kategoriakoa

Proiektu honen ezaugarri nagusietako bat da erakinak babes berezia duela Bilboko Zazpi Kaleetan egoteagatik, Estatuko multzo historiko-artistiko izendatua izan baitzen 3290/1972 Dekretu azaroaren 9koaren bidez, eta, ondoren, kultur ondasun kalifikatuaren deklarazioa erantsi zitzaion, gainera, monumentu multzoaren kategoria emanez, 543/1995 Dekretu abenduaren 29koaren bidez.

«Hasiera-hasieratik, gure nahia izan da instalazioak erabateko begirunea izatea eraikinaren tipologiaren eta historiaren ondoriozko babes-sistemari. Babes hori, ordea, gure ustean, ezin zen izan oztopo edo muga gure ekimen honetarako» adierazi du Yolanda Díezek.

Horretarako, Iván Calderón Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi-ordezkariak azaldu duenez, beharrezkoa izan da Zazpi Kaleak Birgaitzeko Plan Berezia aldatu eta egokitzea Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren arabera. «Egokitze horren bidez, aurrera egin da nabarmenki deskarbonizazioan eta argindar-kontsumoa urritzeko bidean, eta ate bat ireki zaio Zazpi Kaleetako eraikinen estalkietan eguzki-panelak ipintzeko aukerari, betiere haien ondare-balioa zainduz eta errespetatuz».

Beste alde batetik, David Martínez Iberdrolak Euskadin duen ordezkari komertzialak nabarmendu duenez: «proiektu hau axola handiko mugarri bat da, eta erakusten du gure konpainiak Euskadiren alde, energiaren arloko soluzioen berrikuntzaren alde eta jasangarritasunaren alde egiten duela, eta konpromisoa duela Bizkaiko herritarrengana, lurralde honetako auzoetan inbertituz eta tokian-tokian kalitatezko enplegua sortuz, eta zero kilometroko energia auzotarren esku ipiniz».

Bilbao Zerbitzuak tokiko enpresa-entitate publikoak sustatzen duen proiekturako, PI Berlin, S. L. sozietatearen aholkularitza teknikoa baliatu da, proiektuaren betekizun teknikoak lantzeko, hain zuzen; PL Berlin SL sozietate alemaniar bat da, Bilbon egoitza duena. Obra hau egikaritzeko lana Iberdrola Clientes, S.A sozietateari adjudikatu zaio, 183.773,03 euroan (BEZa aparte).

Moduluen antolaerari esker, albait gutxiena izango dira sistemaren orientazioaren eta makurduraren ondorioz eta itzalen ondorioz sortuko diren galerak; gainera, erakinak aukerak eskaintzen ditu espazioa aprobetxatuz eta eguzki-energiako instalazioa erakinari egokituz energia-eraginkortasun albait handiena lortzeko, eta hala, eguzki-panelek albait ikusizko eragin txikiena izango dute, eta proiektua ondo uztartzen da Erriberako Azokaren estalkiarekin.

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019