EU | ES

2024ko abenduaren 09a, astelehena

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko abenduaren 09a, astelehena
2024ko abenduaren 09a, astelehena

Fusilatutako pertsonen 300 senide inguru izango dira Bilboko Hilerrian egingo den omenaldian

  • Eusko Jaurlaritzak eta Gogorak 1936-1945 urteen artean demokrazia defendatzeagatik fusilatutako pertsonen (Gerra Zibila eta gerraostea) omenezko ekitaldia antolatu dute
  • Biktimen senideek Derioko hilerriko hormetan fusilatu eta ehortzitako pertsonen izenak dituzten bi plaka zabalduko dituzte
  • Epe horretan Euskadin exekutatutako biktimen zerrenda osoa hemen kontsulta daiteke: https://labur.eus/bgckw
  • Ekitaldia streaming bidez emango da, https://www.labur.eus/fusilatuak helbidean.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izango da Eusko Jaurlaritzak eta Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, 1936-1945 urteen artean (Gerra Zibila eta gerraostea) demokrazia defendatzeagatik fusilatutako pertsonen omenez antolatzen duten omenaldian. Berarekin izango dira Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Gonzalo Olabarria, Bilboko Kulturako zinegotzia eta Yolanda Díez, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzia. Ekitaldia martxoaren 26an izango da, goizeko 11: 00etan, Bilboko Vista Alegre hilerrian, Derion. Biktimen 300 senide ingururi bertaratzea aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzak garai horretan Euskadin exekutatutako 2.000 pertsona baino gehiago omentzen ditu. Exekutatuen artean, frankisten bandoak epai judizialik gabe burututako fusilamenduak eta Gerra Kontseiluen sententziaz exekutatutako pertsonak daude. Azken horien kasuan, fusilatutako pertsonak eta garrote vil bidez exekutatutakoak sartzen dira.

Ekitaldiaren garapena

Omenaldia hilerriko galerian egingo da, eta bertan Iñigo Urkullu lehendakariak eta biktimen hainbat senidek hartuko dute parte:

  • Maite Canedo, Heliodoro Patricio Jorge Lakaren biloba. Gerra Kontseiluak exekutatua 1938ko urtarrilean, eta Derioko hilerrian lurperatua. Ortuellakoa zen, Barakaldoko bizilaguna, erasoko guardia, ezkonduta zegoen eta 4 seme- alabaren aita zen.
  • Rosario Valdivielso, Juan José Valdivielso Labradorren alaba. Gerra Kontseiluak Gijonen fusilatu zuen 1937ko azaroan, eta udalerriko hilerrian lurperatu zuten. Ondarroako bizilaguna zen eta alarguna hil zutenean.
  • Mª Natividad Roa, Florentzia Olazagoitia Ceciagaren biloba. Epaiz kanpo exekutatua Oiartzunen, eta udalerriko hilerrian hobiratua. Arrasatekoa zen. Hiru seme-alaba zituen eta haurdun zegoen hil zutenean.

Aurrez, bideo bat emango da matxinatutako bandoak Euskadiko lurralde bakoitzean exekuzioak nola egiten zituen azaltzeko, bai Gerra Kontseiluaren bidez, bai judizioz kanpo, eta biktimen kopuru nagusiak azaltzeko. Gertakarien kontakizuna biktimen argazkiekin batera doa, baita haien familiei zuzendutako agur-gutunetan jasotako azken gogoetak ere, haiek izan baitzuten horretarako aukera.

Plaka exekuzio-horman eta totem informatiboa

Hilerriko galeriako hitzaldiak amaitu ostean, ekitaldia exekuzioak egiten ziren horma bateraino eramango da, eta gaur egun ere ikus daitezke bala-tiroen ildoak harrizko horman bertan.

Gaur egun kontserbatzen den horma zatiaren bi aldeetan, nitxo-ilaren alboen kontra, oroitzapenezko bi plaka jarri dira, Derioko hilerrian exekutatu eta lurperatutako pertsonen izenekin, guztira 523 pertsona.

Toki horretara agintariak, senideak eta bertaratuak hurbilduko dira plankak ezagutzera. Derion exekutatu eta lurperatutako biktimen senitartekoek egingo dute:

Gotzon Agirrek, Justo Ajuria Alavaren bilobak, eta Araitz Azkaraik, Juan Jose Basterrechea Arrospideren senideak, horietako bat ezagutuko dute, eta Alberto Perezek, Ana Naranjoren bilobak, eta Miren Uribek, Jose Luis Uribe Bilbaoren alabak, bestea.

Bi plakak agerian utzi ondoren, bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatuko dute eta, ondoren, lore eskaintza egingo dute.

Derioko hilerriak bigarren horma bat gordetzen du, non exekuzio gehiago ere egin ziren, eta hemen ere, gaur egun oraindik ikusgai daude jaurtigaien markak horman bertan. Lekua seinaleztatzeko eta gertatutakoa zabaltzeko, exekuzioei buruzko informazioa biltzen duen totem bat eta Gogora Institutuaren datu-basera lotzen duen QR kode bat jarri dira. Bertan 1936-1945 aldian Euskadin fusilatutako pertsonen izenak kontsulta daitezke.

 

Exekuzioei buruzko datuak

Eusko Jaurlaritzak garai horretan Euskadin exekutatutako 2.000 pertsona baino gehiago omentzen ditu: hitzak barne hartzen ditu frankisten bandoak epai judizialik gabe burututako fusilamenduak, eta baita Gerra Kontseiluen sententziaz exekutatutako pertsonak ere. Azken horien kasuan, fusilatutako pertsonak eta garrote vil bidez exekutatutakoak ere sartzen dira.
 
Frankisten errepresio estrajudiziala, arautu gabea, 1936ko uztaileko matxinada errebeldearen ondorengo lehen hilabeteetan gertatu zen batez ere. 1937ko hasieran hasi ziren auzitegi militarrak eratzen eta prozesu sumarisimoak gertatzen, frankisten legezko makineria errepresiboa martxa hartzen. Gogora Institutuaren “Txostena: Gerra Zibilean Eukadin hildako biktimak” dokumentuan jasotzen denez, judizioz kanpoko exekuzioak oso ugariak izan ziren estatu- goldea gailendu zen lurraldeetan edo hurrengo hilabeteetan frankisten eskuetan erori ziren lurraldeetan. Euskadin, errepresio mota hori ugariagoa izan zen Araban eta Gipuzkoan Bizkaian baino.
 
Epaiketaz kanpo exekutatutako pertsonen kopuru zehaztugabe bat dago erregistro zibiletan edo parrokiako liburuetan jasota ez dagoena edo heriotzaren benetako arrazoia ezkutatzen duten kontzeptu batzuen pean egiten duena, eta horrek Gogoraren ikerketa-lana zailtzen du. Artxiboen ikerketatik eta bibliografiatik ondorioztatzen denez, frankistek 2.194 biktima exekutatu zituzten Euskadin Gerra Zibilean eta gerraostean (1936-1945). Horietatik 60 emakumeak dira eta 2.134 gizonak.
 

Material gehigarria

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019