EU | ES

2026ko urriaren 14a, asteazkena

Hasiera          Web mapa          Kontaktua      Salaketen kanala

2026ko urriaren 14a, asteazkena
2026ko urriaren 14a, asteazkena

Bilboko hilerriko ingurumen-eraldaketak bigarren saria lortu du Espainiako hilerrien lehiaketan

Sari honek Bilbao Zerbitzuak-ek 2022tik bultzatutako ingurumen-estrategia berresten du; zeinak hilerria erreferente bilakatu duen jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta biodibertsitatearen alorretan

Bilbao Zerbitzuak-ek Bilboko Hilerrian bultzatutako ingurumen-eraldaketarako prozesuak beste aintzatespen bat jaso du. Espazio honek bigarren saria lortu zuen atzo Espainiako Hilerrien Lehiaketaren hamargarren edizioko Natura Bizia kategorian, zeinak gune historiko horiek jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren alorretan erreferente bihurtzeko garatutako ekimenak nabarmentzen dituen.

“Hainbat urte daramatzagu Bilboko Hilerria hiriko berdegune handi gisa indartzeko lanean, eta aintzatespen honek norabide egokian aurrera egiten ari garela berresten du”, adierazi du Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak.

Izan ere, jasotako sariak balioan jarri du Bilbao Zerbitzuak-ek 2022an abiatutako ingurumen-estrategia, hilerri berdeago eta ingurunearekin errespetuzkoagoa den eredu baterantz pausuak emanez. Garatutako jarduketen artean, energia berriztagarrien aldeko apustua nabarmentzen da, esparruko hainbat eraikinetan 266 eguzki-plaka bifazial jarri baitira; horri esker, 201 MWh baino gehiagoko energia-aurrezpena lortu da eta atmosferara ia 150 tona CO₂ isurtzea saihestu da. Jarduketa horri 2026 hau amaitu baino lehen biltegiratze industrialerako bateria gehituko zaio, sortutako energiaren aprobetxamendua optimizatzeko helburuarekin.

Mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko neurriak hartu izana epaimahaiak gehien baloratu duen beste alderdietako bat izan da. “Zerbitzuko bederatzi ibilgailu ordezkatu dira % 100 elektrikoak diren modeloekin, mantentze-taldeen makineria berritu da beste elektriko batzuk erabiliz, kutsatzen ez duten ibilgailuen erabilera bultzatu da eremuan bertan jarritako karga-puntuen bidez, eta mugikortasun murriztua duten pertsonen eskura doako lau gurpil-aulki elektriko jarri dira, haien joan-etorriak errazteko asmoarekin”, zehaztu du zinegotziak.

Biodibertsitatea sustatzeko egindako lanak ere pisu handia izan du hautagaitzan. Belazeetako sega-maiztasuna 40.000 metro karratu baino gehiagotan murrizteari esker, balio ekologiko handiko naturguneak berreskuratu eta espezie ugarirentzako babesleku egokiak sortu dira. Horrez gain, faunarentzako babesgune bat sortu da; gune horrek intsektuentzako hotelak, habientzako kutxak, iturriak eta urmael natural bat ditu, hegaztiak, anfibioak eta intsektu polinizatzaileak kontserbatzen laguntzeko.

Aintzatespenak ere proiektu honen dibulgazio-alorra azpimarratu du. Izan ere, azken urteotan Bilbao Zerbitzuak-ek hilerriaren aberastasun naturala ezagutzera emateko hainbat lan argitaratu ditu, eta bisita gidatuen programa zabaldu du, esparruko floran eta paisaian zentratutako ibilbide berri batekin. Proposamen horri esker, herritarrek ondare-espazio honen beste alderdi bat ezagutzeko aukera izan dute.

“Sari honek memoriaren babesa eta ingurumenaren zainketa bateragarri egin nahi dituen lan-ildoa aitortzen du, esparru hau herritarrentzat gero eta jasangarriagoa, irisgarriagoa eta irekiagoa den gune gisa finkatuz”, gehitu du Pérezek.

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019