EU | ES

2024ko azaroaren 21a, osteguna

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko azaroaren 21a, osteguna
2024ko azaroaren 21a, osteguna

Udalak Bilboko Udal Hilerriko 2023ko kultur programazioa aurkeztu du

  • Osasun eta Kontsumo Sailak, Bilbao Zerbitzuak-en bidez, hilerriko ondare arkitektonikoa, artistikoa eta paisajistikoa sustatu eta balioetsiko ditu, hilerrira hurbiltzen diren pertsonak zaintzea helburu duten hainbat jardueraren bidez. Horretarako, ohore- eta oroitzapen-ekitaldiak egingo ditu hilerrian pertsona maiteen eta hurbilekoen omenez.
  • Aurtengo programazioak 6 mugarri garrantzitsu izango ditu, lehenengoa martxoan, gurasoei omenaldia egiteko ekitaldia.
  • Aurtengo berrikuntzak, Domu Santu egunari lotutako sukaldaritza-errezeten I. lehiaketa eta zenbait musika-kontzertu, azaroaren 1aren inguruan hauek ere.
  • Bilboko Udal Hilerriak lehen saria jaso zuen Ingurumen Ekimen Onenaren kategorian, eta hirugarrena Jarduera Publiko Onenaren kategorian, Espainiako Hilerrien 2022ko Lehiaketan.
  • 2022an, Bilbao Zerbitzuak-ek hainbat jarduera bultzatu ditu, bai instalazioak bai zerbitzua optimizatzeko.
Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak eta José Antonio Fernández Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerenteak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, Bilboko udal-hilerria 2023an kultura-jarduerez beteko duen programazioaren xehetasun guztiak emateko. “Bilboko udal hilerriak duen arte-aberastasuna sustatzea, balioestea eta ezagutaraztea helburu duten jarduera-programa zabala eta aberatsa da, ondare kultural, historiko-artistiko, paisajistiko eta hileta-ondarearen zati garrantzitsu bat baitauka” adierazi du Yolanda Díezek. Aurtengo programazioak 6 mugarri garrantzitsu izango ditu: Aurrenekoa martxoaren 19an (domeka) izango da, Aitaren Egunaren barruan. Hurrenkeraren arabera, honako ekintza hauek nabarmenduko ditugu: apirilaren 22an, II. argazki-lehiaketa eta poesia-errezitaldia; maiatzaren 7an (domeka), Amaren Eguna; ekainaren 3an, pintura azkarreko II. Lehiaketa aire zabalean eta poesia-errezitaldia Bilboko hilerrian; udan, uztailaren 1ean, bisita pertsonaia ospetsuen hilobietara, gauez; Domu Santu Egunari lotutako I. sukaldaritza-lehiaketa, eta, urtea amaitzeko, ohi bezala, Bilboko Udal Hilerriak omenaldia egingo die hildako guztiei, azaroaren 1ean, Domu Santu Egunean. “Bilbao Zerbitzuak erakundeak tokiko kultura eta ondarea sustatzen lagundu nahi du, eta uste dugu hilerria bisitatzea aukera ezin hobea dela Bilbo eta bertako biztanleak sakonago ezagutzeko”. Horregatik, eta 2022an antolatu genituen jarduerek arrakasta izan zutela ikusita, leku hori beste modu batera ezagutzeko beste aukera bat eskaintzen dugu” gehitu du Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerente José Antonio Fernándezek.

Martxoaren 19an, omenaldia aita guztiei

Martxoaren 19an (domeka), aita guztiei omenaldia egiteko ekitaldia. Ekitaldia 12etan egingo da, Bilboko Udal Hilerriko kaperan, eta familiei aukera emango die maite dituzten pertsona guztiekin bake- eta lasaitasun- giroan egoteko eta joandako aitak gomutatzeko. Jarduera poesia-errezitaldi bat izango da, musika klasikoarekin batera. Ondoren, 125 San José lore banatuko dira loreontzitan bertaratutakoen artean.

Apirilaren 22an (zapatua), II. argazki-lehiaketa

Bigarren urtez jarraian, apirilaren 22an II. argazki lehiaketarako deialdia egingo da. Horren bidez, profesionalek eta argazkilaritza-zaleek hilerriarekin lotutako erretratuak eta irudiak aurkeztuko dituzte. Lehiaketa 9:00etan hasi eta 14:00ak arte luzatuko da, eta hilerriko kultura eta ondare arkitektoniko, artistiko eta paisajistikoa nabarmendu nahi ditu.

Maiatzaren 7an, omenaldia ama guztiei

Martxoan aitekin bezala, hilerriak omenaldia egingo die amei ere. Ekitaldia maiatzaren 7an (domeka) egingo da, 12etan. Bilbao Zerbitzuak elkartearen helburua da, Amaren Egunaren ospakizunaren bitartez, familiek gogoratzea zein garrantzitsua den maite ditugunekin eta hurbilekoekin egotea eta merezi duten maitasuna ematea. Jarduera poesia-errezitaldi bat izango da, emakumezko talde bokal batek lagunduta. Era berean, 125 bouket/margariten lore-sorta/lore bariatu banatuko dira bertaratutakoen artean, agortu arte.

Ekainaren 4an, pintura azkarreko II. lehiaketa, aire zabalean

Bilbao Zerbitzuak erakundeak Bilboko hilerriaren aire zabaleko pintura azkarreko II. lehiaketa deituko du ekainaren 3an, hilerriko aberastasun artistiko, kultural, historiko-artistiko, paisajistiko eta hileta arloko aberastasunari balioa emateko. Hileta-artearekin lotutako pinturak aurkeztuko ahal izango dituzte parte-hartzaileek, arreta berezia ipinita alderdi monumental, artistiko, paisajistiko eta ezohikoei, hileta-sinbologiari eta ondare-balioari, baita Bilboko udal-hilerriaren esparruan dagoen bake- eta harmonia-sentsazioari buruzkoa ere. Pinturako II. lehiaketa 08:30etik 14etara egingo da. Halaber, poesia-errezitaldi bat egingo da, musika klasikoarekin batera, egun berean, 12:00etan, Bilboko udal-hilerriko kaperan. 55 minutuko iraupena izango du, gutxi gorabehera.

Uztailaren 1ean, gaueko ibilbidea pertsona ospetsuen hilobietatik

Bilboko hilerrian, uztailaren 1ean, gaueko bisita bat egingo da, antzeztua eta gidatua, aurrerago zehaztuko den ordutegian, 21etatik edo 21:30etik eta 22:30era edo 23etara bitartean. Bisita horretan, bertaratutakoek hilerrian ibili eta hura deskubrituko dute, inoiz imajinatu ez duten moduan eta kandelen argitan. Bisitan, hilerrian lurperatutako zenbait pertsonaia ospetsuren istorioa antzeztuko da, txistu-musikarekin eta musika klasikoarekin lagunduta. Era horretan, bada, gizarteari hurbilduko diogu hileta-kultura, “tresna pedagogiko” baten moduan, osagai batzuk eta besteak nahastuko dituen ekimen batean, bitariko formatu batekin, alegia, bisita gidatu eta “performance” gisara.

Azaroaren 1ean, omenaldia hildako guztiei

Domu Santu egunean, azaroaren 1ean, Bilboko hilerriak VI. Kontzertu Lirikoa antolatu du. Kontzertua azaroaren 1ean (martitzena) egingo da, 13:00etatik 14:15era bitartean, eta, bertan, maite izan ziren eta utzi gintuzten pertsonak gomutatuko ditugu, konpositore ospetsuenen (Mozart, Puccini, Verdi, Donizetti, Bach, Schubert, Sorozabal, Webber, Caccini, Franck, Morricone) musika-lan sakratuen hautaketa zainduaren eta delikatuaren interpretazioaren bidez. Kontzertu lirikoan Bilbao Bel Canto Elkarteko soprano batek, tenore batek, biolin batek, biola batek eta piano batek hartuko dute parte. Gainera, bertaratu ezin diren pertsonentzat, ekitaldia zuzenean emango dute Telebilbao tokiko telebista-katearen bitartez.

Domu Santu Egunari lotutako sukaldaritzako errezeten I. lehiaketa

Aurten, nobedade gisa eta Domu Santu Egunari lotutako sukaldaritzako errezetak gogoratu eta sustatzeko, Bilbao Zerbitzuak erakundeak data horri lotutako sukaldaritzako errezeten I. lehiaketa deituko du. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek beren errezeta gogokoenak helaraziko dizkiote Bilbao Zerbitzuak erakundeari, osagaiak eta nola egiten dituzten deskribatuz, edozein bitartekoren bidez, baita bideo bidez ere. Ondoren, Bilboko Goi Mailako Ostalaritza Eskolako (ESHBI) sukaldariek osatutako epaimahai batek bi errezetarik onenak aukeratuko ditu, eta haien egileak gonbidatuko ditu Erriberako Merkatuko Sukalde Eskolan egin ditzaten, ESHBIko arduradun batekin batera. Telebilbaok grabatu egingo du errezeta nola egiten den eta bere programazioaren barruan emango du.

Musika kontzertuak

Iaz egin zen bezala, Bilbao Zerbitzuak erakundeak berriz antolatu nahi du saxo- eta piano-kontzertua, Iñaki Bermúdez saxofonistaren eskutik. Eguna oraindik zehaztu barik dago. Gainera, Bilboko hilerrira bigarren musika-kontzertu bat eramateko lanean ari dira. Akordioren bat lortu bezain laster, ekitaldi horien datak argitaratuko dira.

Espainiako Hilerrien 2022ko lehiaketaren irabazlea

Iaz, Bilboko Udal Hilerriak lehenengo saria irabazi zuen Espainiako Hilerrien Lehiaketan, Ingurumen Ekimen Onenaren kategorian, eta hirugarren saria lortu zuen Jarduera Publiko Onenaren kategorian. Epaiaren arabera, Bilboko Udal Hilerria bat dator uriko ingurumen-estrategiarekin, CO2ren arloan neutrala izateko, klima-aldaketaren aurrean erresilentzia izateko eta ingurumen-kalitatean osasungarria izateko erronka betetzeko. Horretarako, 266 eguzki-plaka fotovoltaiko instalatu ditu atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasak murrizteko, bai eta osasunerako kaltegarriak diren kutsatzaile atmosferikoak murrizteko ere. Gainera, 2022. urtearen amaieran, ibilgailu-flota berritu zuen, eta errekuntzako lehengo ibilgailuen ordez elektriko berriak jarri zituen. Epaimahaiak bigarren sari bat eman zuen, oraingoan Jarduera Publiko Onenaren kategorian, 2022ko uztailean egindako gaueko bisita gidatuagatik eta antzerkiagatik.

2022KO jarduketa nagusiak

Eguzki-plaka fotovoltaikoak instalatzeaz eta ibilgailu-flota berritzeaz gain, Bilbao Zerbitzuak erakundeak hainbat jarduketa egin ditu Bilboko udal-hilerrietan. Alde batetik, galeria edo klaustrorako sarbidea hobetu egin da, bi espaloi beheratuta, eta Kaperaren alboetan sarbide-arrapala bana egiteko esku hartu baita; hala, hobetu egin da Bilboko udal-hilerrira joaten diren bisitarien –bereziki, mugikortasun urria pertsonena– bizi-kalitatea. Era berean, urte osoan zehar pintatu, garbitu, landareak eta parterreak zaindu, zuhaitzak inausi eta zuhaixkak inausi ohi dira, eta lorezaintza egokitzeko hainbat lan egin dira hainbat lekutan. Bestalde, atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasak murrizte aldera, funtzionatzeko erregai fosilak baliatzen zituzten inausteko makinak, sasi-garbitzeko makinak, erremintak eta abarrak berritu eta baliokide elektrikoekin ordeztu ditu Bilbao Zerbitzuak erakundeak. Era berean, Bilboko hilerriko zuhaitz, zuhaixka eta belar-landare espezie bakoitzaren inbentario zehatza egin da, eta eraikin guztien irisgarritasuna eta argiztapena hobetzeko proiektu bat idatzi da.

2023ko Bilboko hilerriko kultur agenda (PDF)

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019