EU | ES

2024ko abenduaren 09a, astelehena

Hasiera       Web mapa          Kontaktua        Salaketen kanala

2024ko abenduaren 09a, astelehena
2024ko abenduaren 09a, astelehena

Bilboko udal hilerriak prest daude Domu Santu Eguna murrizketarik gabe ospatzeko

Udalak, Bilbao Zerbitzuak erakundearen bidez, zerbitzu hurbila, errespetuzkoa eta kalitatezkoa bermatzeko operatiboa ezarri du, bisita jendetsuak espero baitira azaroaren 1erako.

Aldez aurretik joatea gomendatzen da, modu mailakatuan eta garraio publikoa erabiliz, jende-pilaketak saihesteko. Bilboko Udaltzaingoa eta Gurutze Gorria elkarrekin arituko dira egun horiek normaltasun osoz joan daitezen.

Bilboko hilerria neguko ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da, 8etatik 18etara, eta Deustukoa, berriz, 8etatik 15etara, azaroaren 1ean izan ezik, egun horretan arratsaldeko 18etan itxiko baita.

Azaroaren 1ean, 13:00etan, Hilerriko Kaperan V. Kontzertu Lirikoa egingo da. Doakoa izango da, aforoa bete arte eta Telebilbao tokiko telebista-katearen bidez eta Bilbao Zerbitzuak erakundearen youtubeko kanalaren bidez zuzenean emango dute.

Bilboko eta Deustuko udal hilerriak prest daude azaroaren 1ean, Domu Santu egunez, milaka bisitari hartzeko; izan ere, bi urteko pandemiaren ondoren, murrizketarik gabeko jardunaldia izango da.

Hain zuzen ere, Bilboko Udalak, Bilbao Zerbitzuak erakundearen bidez, ekintza-plan bat prestatu du, gaur goizean aurkeztu dutena Yolanda Díez alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak eta José Antonio Fernández Celada Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerenteak.

Diseinatutako operatiboaren helburua, aurten ere, hurbileko, errespetuzko eta kalitatezko zerbitzua bermatzea dela azpimarratu ondoren, Yolanda Diezek herritarrei eskatu die, “Bilboko hilerrietara, egun hauetan eta ahal den neurrian, aurrez joateko, modu mailakatuan eta garraio publikoan, betiere jende-pilaketak saiheste aldera”.

Alkateordeak adierazi du baita, pozik dagoela duela gutxi Adiós Cultural aldizkariak antolatzen duen Espainiako Hilerrien 2022 Lehiaketan Bilboko hilerriak saria jaso duelako. Bilboko hilerriak Ingurumen arloko Ekimen Onenaren kategoriako lehen saria irabazi du, eta Jarduera Publiko Onenaren kategorian hirugarrena, urtero Estatuko hilerrien interes historiko, sozial, artistiko eta ondarezkoa aitortzen duten sarietan.

Ordutegia eta langile gehiago

Bilboko udal hilerria 8etatik 18etara egongo da irekita, neguko ordutegian (urritik maiatzera) ohi den legez; Deustukoak ere ohiko ordutegia izango du, 8etatik 15etara, azaroaren 1ean izan ezik, egun horretan 18ak arte zabalduko baititu ateak.

Bulegoetako aurrez aurreko zerbitzuan pertsona bat gehiago egongo da urriaren 29an eta 30ean eta azaroaren 1ean. Ondorioz, arreta emateko zerbitzuaren ordutegia goizeko 8:30etik arratsaldeko 17etara izango da.

Udaltzaingoaren laguntza

Ibilgailuan doazen pertsonak hilerriko sarrera nagusitik sartuko dira, nahitaez, Txorierriko BI737–Erandio/Larrabetzu errepidetik. Ibilgailuek horretarako erreserbatutako eta egokitutako guneetan aparkatu beharko dute.

Aurreko egunetan eta, batez ere, azaroaren 1ean, Bilboko Udaltzaingoak etengabeko zerbitzu berezia emango du sarbideetako trafikoa antolatzeko eta segurtasuna bermatzeko.

Gurutze Gorriaren lankidetza

Era berean, aurten ere, Bilbao Zerbitzuak erakundeak Bizkaiko Gurutze Gorriarekin adostu du azaroaren 1ean boluntarioak eta oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat eramatea Bilboko udal-hilerrira. Anbulantzia hori hilerriko sarrera nagusiko aparkalekuan egongo da.

Halaber, hilerriko sarrera nagusian, Gurutze Gorriko boluntarioek bi gurpil-aulki izango dituzte, eta eskuragarri egongo dira, hala eskatzen duten mugikortasun urriko bisitariak kanposantu barrutik mugitu ahal izateko. Gainera, hilerrian gurpildun aulki elektriko bi ere badaude, behar dituzten pertsonek erabili ahal izan ditzaten eta horrela bisita erraztuz. Aulki horiek erakargarriago, erosoago eta erabilerrazagoak dira laguntzaileentzat, haiek maneiatu behar baitituzte.

V. Kontzertu Lirikoa Kaperan, azaroaren 1ean, 13etan

Ohiko Kontzertu Lirikoa itzuli da aurten; bosgarren edizio honetan ere Kaperan egingo da, 13etan. “Bilbao Bel Canto” musika-taldeak emango du; hauek dira kideak, Patricia Sesar, sopranoa; Martín Barcelona, tenorra; Zuriñe de Diego, biolina; Miren de Diego, biola; eta Anastasia Chernyavskaya, pianoa.

Ibilbide oparoa duten musikari bilbotar hauek 13 obra interpretatuko dituzte, zenbait musikarirenak, hala nola, Webber, Händel, Kall Jenkins, Franck, Mozart, Morricone, Vivaldi, Olaizola eta Verdirenak. Kontzertua doakoa da, aforoa bete arte eta Telebilbao tokiko telebista-katearen bidez eta Bilbao Zerbitzuak erakundearen youtubeko kanalaren bidez zuzenean emango dute.

Gogobetetze-maila neurtzeko 3.000 inkesta

Bilbao Zerbitzuak erakundeak herritarrei ematen dizkien zerbitzuak hobetzen jarraitzeko, urriaren 29an eta 30ean eta azaroaren 1ean hilerrira joaten diren bisitariei inkesta bana emango zaie iristen direnean, ordura arte egindako hobekuntzak eta jasotako zerbitzuak baloratzeko. 3.000 inkesta banatzea aurreikusi da.

2022an udal-hilerrietan egin diren jarduketa nagusiak

Azken urtean zerbitzuetan eta instalazioetan egindako hobekuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: galeria edo klaustroaren irisgarritasuna hobetzea eta Kaperaren eta Fusilamenduko ekialdeko hormaren aurreko lorategi-eremua txukuntzea; lehendik zeuden ibilgailuen ordez elektrikoak eskuratzea; makineria elektrikoa eskuratzea, lehengoaren ordez; hilerriko florari buruzko liburu bat egitea; eta lurreko laser bidez eskaneatzeko teknikekin 3Dn altxatzea.

Gainera, duela gutxi, Bilbao Zerbitzuak erakundeak aholkularitza eskatu dio Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinakundeari, eraikinen irisgarritasuna eta argiztapena hobetzeko proiektuaren jarraipena egiteko.

Halaber, 2022an 44. multzoko gorpuzkinak altxatzen jarraitu da, emakidaren epea amaitu eta senideei jakinarazteko izapideak bete ondoren.

Kultur programa zabala, hilerria bizirik mantentzen duena

Azkenik, azken urte honetan kultura-jardueren programa zabal bat garatu da, ehunka pertsonaren bisita ekarri duena. Pertsona horiek hilerriak duen aberastasun artistikoa ezagutu ahal izan dute, hilerriak Bilboko ondare kultural, historiko-artistiko, paisajistiko eta hileta-ondarearen zati garrantzitsua gordetzen duen neurrian.

Jarduera kulturalak, hala nola, omenaldia guraso guztiei, martxoan; Bilboko Hilerriko I. Argazki Lehiaketa, apirilean; omenaldia ama guztiei, maiatzean; aire zabaleko I. Pintura Azkarraren Lehiaketa, ekainean; eta Hilerriko bisita antzeztua, uztailean, Bizkaiko Elkarte Artistikoarekin eta Bilbao Musika Elkartearekin elkarlanean.

Irudiak

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia  944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019

Santimami Auzoa, 4. 48170 Zamudio. Bizkaia | 944 231 019